Urretxu eta
 Zumarragako Euskara 
Hitzaurrea
Sarrera
Metodologia

 

 Atalak
Fonetika-Fonologia
Azentua
Izenaren Morfologia
Aditzaren Morfologia
Sintaxia
Lexikoa

 

 Dokumentuak
Elkarrizketak
Argazkiak
Bibliografia

 

 Sintaxia

 Sintaxia
  1. Perpaus bakuna
  2. Lokailuak
  3. Perpaus konposatuak
 3.- Perpaus konposatuak

 3.1.- Juntagailuak

a) Emendiozko juntagailuak: emendiozko juntagailuak informazioa gehitzeko erabiltzen direnak dira.

  •  eta /ta/da: eta kopulatiboa gutxitan esaten da haserako e bokalarekin; gehienetan ta/da erabiltzen da. da ez da bakarrik erabiltzen –l/-n inguramenduak behartzen duenean:

    "...zakua aston, da ara, gauez e! Da ara  jun da, ara jun da guardiziillak eoten tzian an e!..."
    "...baño guardiziillei ustet e ondo paatzen ziela aek da "todos deacuerdo"..."
    "... ensaladia jaten e geotxo asigiñuztan gu letxugia ta lenengo azukarrakiñ..."

    Horrez gain, beti ez du kopulatibo zentzua, nolabaiteko lotura egiteko edo eten baten ostean betegarritzat ere erabiltzen da.

     "... emen ibilli giñan errekan da..."

b) Juntagailu hautakariak:

  •  edo/ ero/ eo /o: Sarritan hiztuna zalantzan dagoenean, nola jarraitu ez dakienean, edota gutxi gora-beherako informazioa dela adierazi nahi denean erabiltzen da:

    "... Maritxapasen aizpa eo ama etzan ua izango..."
    "... ematezioen zea amoniako eo eztaizer..."
    "... Petra! Esaion nei litro bat o bi litro ardua ekartzeko..."

    Goian aipatu bezala, EDO partikula ALA baino gehiago erabiltzen da. Azken hori galderetan erabiltzen da.

  •  "... zeoze artuko ek ala?..."

c) Juntagailu aurkariak:

  •  baina (baiña/ baiño): Bi juntagailuak ageri dira. Hauen erabilera arbitrarioa da, baina dirudienez bigarrena gehiago erabiltzen da:

    "... bueno aprobetxatzeittuan ... baña momentu ortan e gibela izateuan..."
    " ... etxen amazanak eindako goante artillezko goantek, baño otzak amorratzen ni Leazpira..."
    "... ezpalinbazeon etxoiñ inbartzendun baño
    jenealen iyota beti eotentzan..."

d) Alborakuntzaz egindako juntadura:

  •  bat – beste:

    "... eta alaxe tela pusketaatekiñ blusa zala, beste tela pusketaatekiñ gona zala..."
    " urdaiazpikok aldebatea, solomoa bestaldea..."
    "... bi txerri iltzegiñuzen bat gaonak ingurun ta bestea otsaillen oola..."
    "... igual bi arkuma in dittu eta bat ardiñ ondon geldittuek ta bestea ba an..."
    "... jun baten Pasajesea, besten eztakinoa..."

  •  nahiz / nahiz:

    "... ba artua naiz eitten,(...) jorratzen..."

  •  bai / bai:

    " ... Aizputxua askotan jutegiñan... ta geo emendikan e iriña ona gaiñea e bai e artiriña bai e ogiriña re Aizputxun..."

  •  ez / ez:

    "... oie torri sian, oie etzeukian eserre, ez diruik ta es ..."
    "an ez mentzeon kaltzontzilloik ta ezerre!"

 3.2.- Perpaus konpletiboak

Konpletiboak osatzerakoan aditza bi moldetan ager daiteke: molde jokatuan, edo jokatugabean:

  • Molde jokatua:

  • a) -(e)la: Perpaus konpletiboak osatzeko modurik arruntena hauxe da. Perpausa baiezkoa denean aukera hau da ohizkoena, eta ezezkoa denean ondoren aipatutako –enik erabiliz egiten dena.

    "...baño ustet ordun e guardiziillakin primeran arreglatzen zala..."
    "...guardiziillei ustet e ondo paatzen ziela
    aek..."

    b) -(e)nik:

    "... ez pentxau bee onea bela etorri zanik e?"
    "... jostunik eztetuste daonik
    ..."

    c) -(e)na: Gutxiago erabiltzen da forma hau, hala ere hona hemen adibide bat:

    "... ze muzko artok o zer dauzketzue? Artok osonak, pentxau zea auzoko txakurra etorri... pentxau Zuloako beiya etorri zana etxetio..."

  • Molde jokatugabea:
  • a) -t(z)eko: Honako hau da ,aditza molde jokatugabean dutela, perpaus konpletiboak osatzeko modurik arruntena.

    "...ixiltzeko esan tzion..."
    "...geldi eoteko aindu zian..."

    b) -t(z)ea:

    "...baña ori ittea gaur ezto merezi."

 3.3.- Zehar galderazko perpausak

1.2 atalean aztertu dugun bezala, galdera perpausak lokabeak izan daitezke. Hala ere, galde perpausak lokabeak nahiz mendekoak izan daitezke. Azken hauei zehar galderak deitzen zaie. Hauek –n hartzen dute mendekotasun marka gisa:

a) -(e)n:

    "... nik eztaki pa ze zertati zan..."
    "... jan estaitt nun itte zuen..."
    "... eztakit noa eaman tzuen
    ..."

b) aber...(n): Gaztelaniazko a ver -etik hartutako juntagailu honek zehar galderari sarrera eman ohi dio.

    "... esan ditt aber nai dian lanea jun..."
    "... ta lenengo itza aber obrarako zea permisoik daukian..."

     
 3.4.- Erlatibozko perpausak

Hauen artean aditza forma jokatuan daramatenak, eta forma jokatu gabean daramatenak bereizten dira:

a) Molde jokatuan:

  •  (e)n:

    "... zuti daon gaztaña zarra... iyertuta daon gaztaña zarrak..."
    "... mekaguen, pasatze nittuan otzak..."
    "... ua zan
    tokiñ eozeiñ tokau zeiken..."

  •  na:

    "... umedaitta eusten diona..."
    "... azuelia esaten zaiona..."
    "... oiñe pasatzen dana
    emen ..."

b) Molde jokatu gabean:

  •  tako / -dako:

    "... etxen ama zanak eindako goante artillezko goantek..."
    "... ekarri zittuen emen e prixionero arrapautako mordoxka bat..."
    "... antxe topau zan zean emen eondako Mondraoko ori..."
    "... an basian beatzak eta mostutakok
    ..."

     

 3.5.- Baldintzazko perpausak

Baldintzazko perpausak arruntak dira, eta hemen ere aditza forma jokatuan zein jokatu gabean ager dakiguke.

a) Molde jokatuan:

  •  ba:

    "... osea artueman batzuk o, zeozetaa jaxten bada..."
    "... komeni bazako eingoik..."
    "... eta geo artoa sartutakon gastaia ta ardoa ogikiñ goixe basan
    amarretakoa ta atzaldea basan merinda..."

  •  baldin ba:

    "... ta karnizerokiñ familiarizatzen badin baaiz..."
    "... besta baten paren gauza jartzen asten balin baek..."
    "... ik ura mozten balin baiok..."

b) Molde jokatu gabean:

  •  eskeo/ ezkio:

    "... informazioa eiñ ezkio bale, baña..."
    "... libre geldittu ezkio
    ..."

 3.6.- Denborazko perpausak

Denborazko menpeko perpausetan, perpaus nagusiko ekintza denboran kokatzen da. Hala ere, denborari dagokion erreferentzia puntua aldatu egiten denez, hainbat aldi aipatuko ditugu:

a) Noiz aurrekotasuna:

  • baino lehen (baño len):

    "... akordatzenaiz eun baten nola etorri zitzakon ni denda jun baño len..."
    "...goizeko lauretan da, e trena allaatu baiño  leenao...

  • aurretik:

    "...Da orren pruebia izate a, e euriya asi aurretik aizia ezta?..."

b) Noiz berehalakotasuna:

  •  ...eta berehalaxe (ta bealaxe):

      " ... ni asi ta bealaxe ... ba ura atakek emanda iltzan..."

  •  -rako:

    "... ba untzitta etaata eta orduako ogiya altxatzezan..."

c)  Noiz gerokotasuna:

  •  baino geroago (baiño... gerogon):

    "... guren baño gerogon..."

  •  koan (-kon):

    "... gure aittekiñ jundakon..."
    "... ildakon etxeaiño ekarriko diue..."

  •  ondoren (ondon):

    "... baskaldu ondon..."

  •  ezkero (ezkeo/ ezkio):

    "... abuztua pasa ezkeo andi laister...
    "... ezkondu ezkeo enauk izan..."
    "... ni amaika urte ezkio ez naiz eskola sekula jun..."

d) Noiz aldiberekotasuna:

  •  -rako (-ako):

    "... ta euna zabaltzeako ementxe giñan..."

  •  -nean (-nen):

    "... pixkat sekatze zanen puztutze genduan..."
    "... puskatzen zanen urrungo txerrie illarte baloyik etzoan..."

  •  -la:

    "... gu umek giñala sekula ez giztuan dutxau ta itten..."
    "... ni neska koskorra nitzala gure amak zaalduzon lenengo dendia..."
    "... ni txikiya nitzala eta gero ba..."

  •  -n bitartean(-n bittarten):

    "... nik karnizeroa laguna daukat esaten dean bittarten, karnizeroa ire launa izangoek..."
    "... jaten dian bittarten laune izangoek..."

  •  -n garaian:

    "... ura inda zeon garaiyan bota arrautza bana..."

  •  -Arik eta ...arte (aik eta ...arte):

    "...aik eta gosea pasau arten an eon giñen..."
    "... gu baloiyan ibiltze geuztan aiketa puskatu arte..."

e) Noiz maiztasuna:

  • -rakoan (-akon):
  • "... eta geo mamia itteakon eo gaztaiya itteakon andi pixkat artu eta botatze zitzaioan esnei..."

  • -n bakoitzean (-n bakoitzen):

    "...oin negun izotza itten tzon bakoitzen, uya goortu itten tzan ..."

     

 3.7.- Helburuzko perpausak

Helburuzko perpausak osatzeko ere, aditza molde jokatuan zein jokatu gabean topa dezakegu. Arruntagoak dira molde jokatu gabeko esaldiak, aditzari dagokion atalean aipatu bezala, subjuntiboaren erabilera oso urria baita inguru honetan.

a) Molde jokatuan:

  •  Subjuntiboa erabiliz:

    "... ori palan botatzen da pegatu ezteiñ..."
    "... ordun plastikoik etzan zakun bat eo zeozer gañen sartu etzaiñ egurreti beera..."
    "... geo beste batek ola odolai buelta ematen... barriñoi baten odola zeatu etzeiñ
    , sekatu etzeiñ, geldittu etzeiñ..."

  •  -ko ba/-go ba:

    Baldintzazko perpausak erabiliz helburuzkoak osa daitezke:

    "... ontzi jaso bear kalea ateako bagiñan... etzan moitzen iñor..."
    "... asi sian e errotak et itxi ta rasionauta danak eta ordun e emen e estraperlon da jango bazan..."

b) Molde jokatu gabean:

  •  -tzera (-tzea):

    "... launa aizela ta ez jun karnizero bati milla duro eskatzea... "
    "... ara karnizeroa juten bada dek ba, palangana bat artu ta ba bere gibelak ta bere kallok bere zeak ekartzea
    , los menudos o nola esaten da, menudencias o zeak, aek artzea..."

  •  -t(z)eko:

    "... pare bat iru bat laun izate ittuan ari eusteko eta beste ba sangrau ittezian..."
    "... geo buzkantzak eo oolkik itteko
    ..."

 3.8.- Kausazko perpausak

Kausazko perpausak ere arruntak dira.

a) (e)lako(n):

"... ok erentzin da datozen ok, ok arrapatzen ikusi die beti, da ok oñ ezin duelako e ..."
"... bai tta eitte ezpao ezin dolako
dek..."

b) (e)ta/da:

"... garokin su eman ta keia zeriola baserritarrak kanpoa zeen bittarten leña! Barrun txaalai, ja ta arrapatzen, bestela ez ementzien gañeti ateatzen da..."
"... geau in giñan, jenteik etzeon laneako
ta..."

c) (e)la ta:

"... ez launa aizela ta ez jun karnizero bati milla duro eskatzea..."

d) Nola... -n:

"... geo nola eskapaatiare asko aldatzen gendun..."
"... geo ni anai sarragok nola sien biurrikerik ittenekiñ..."
"... ordun nola etzeon telebixtaik ta ezer!..."
"... nola ikastolak eta nola zeren ba umek etzekiela nola ittentzan talua eta ortik asinitzen..."

 3.9.- Konparaziozko perpausak

a)  zenbatasuna:

- t(z)eko hainbat (-t(z)eko aima):

 "... ustutze gendun aen ardik sartzeko aima eta..."

- t(z)eko lain (laiñ):

"... ni esaten diet gurei ara! Ori paatzeko laiñ ezpauke gu baño okerrao dare..."

Baino gehiago/gutxiago (baiño geiyo /gutxigo):

"... karo bai informazioa askok e... baña ferittan eitten dan informazioa baño geyo dek kritikea e..."
"... oin len baño edur gutxigo itten do..."

Zenbat eta...ago:

"... lenengo intxaurre garbitu, ipiñi esto, sea bat zapi bat, arizko zapi bat, arizko zapia, zapia ipiñi ta gero malluka batekiñ malluka bada obe jo! Zenbaitta obeto zapalduta obe..."
"... z
embata megua talua goxogua da, fiñagoa..."

b) nolakotasuna:

Baino... ago (baño...ao):

 "... Monte bakisu nun daon? Ori Oleta pasau andian bera junda Martitta ondon... Martitta baño pixkat onutzago..."
"... guk garai artan e ... oñ baño sarriotan korbata jaztegendun e?

 

 3.10.- Perpaus kontzesiboak

a) Nahiz eta (naizta):

" ...ori sorgiñaizia da, bueno, egualdik aldaketia bazekarrek, ezte señale ona! Naizta oskarbi –oskarbi eon!..."

b) -ta /-da... ere:

" ...edurrik aundiena einda re, mezeta jun bar tzan..."
"...beandu etorritta re, ezta ezerre pasatzen..."

c) (aditza) eta...:

 "...Pentxaizu, ze ori bizimou goorra da e! Txakurra(k) muturrakin ikutu in dola jakin da, jan in ber!..."

 

 3.11.- Moduzko perpausak

a) Aditz partizipioa + AZ:

"... garik e onak eukoitzetzue ba ta, bai, lengon etorri Zuloaako katua, txakurrak atzetik segitta eta iyo san galburua gora... ta txakurra beeti saunkaz ta katua goittik..."
"... kalabazak e izugarri dauzkiau! Bai? Ta bai. Lengon Zuloaako beiya etorri uan ta janez ta janez asi uan ta kalabazan sartu ta Zuloaakok billa ta ezin billau!"

b) -ta /da:

"... ordun e errotak itxitta ta oindio txarraua emendikan e junda..."
"... soiñua jotzea zeauta zeola proibittuta..."
"... kazaora narruskua jantzitta zeillen..."
"... gero andikan tuberiya zoan etxea jarritta..."

c) -(e) la:

"... leria da irikiñ uztarriñ dala, zea luze bat pertika bezelako bat..."

d) ezinda:

"... eskukiñ kandillakiñ da ari beira zeon bittarten beti golpia goora, sekula romania geldi eon ezinda beti..."

e) ba... bezala (bezela):

"... ola bi makilla dittuk bi makilla aue balia bezela ezta?..."
"... lenengo kardau ittezian illea garbittu kardau eta fiñ fiñ jartzezian fiñ fiñ fiñ ola balitza, auxe oja au balitza bezelaxe..."

f) -n  bezala (bezela):

"... Ba Santanastasittan oiñ zapatun eitten dan bezela, ba astelenen itte uan ganau feriya..."

g) -t(z)eko moun (moduan):

"... kao kantidade txikiya, ta bazkaiya izatentzan ori, baba zopa,da babak, ta geo olako txoixo pusketa txiki bat, urdaya berdiñ, gaitzitteko moun eztala..."
"...itte zitzakon azpiñ ola egur batzu kruzau, tranpal bat itte zitzakon, ta aiden azpitti aizia artzeko moun..."

h) -t(z)en aditz partizipioa:

"... baño otzak amorratzen ni Leazpira..."

Gora
 
 



Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea

Labeaga 12, behea.
20700 Urretxu (Gipuzkoa - Euskal Herria)
.
Telefonoa: (+34) 943036474