Urretxu eta
 Zumarragako Euskara 
Hitzaurrea
Sarrera
Metodologia

 

 Atalak
Fonetika-Fonologia
Azentua
Izenaren Morfologia
Aditzaren Morfologia
Sintaxia
Lexikoa

 

 Dokumentuak
Elkarrizketak
Argazkiak
Bibliografia

 

 Otamotz artikulua


Xabier Lasa (*): "Bi edo hiru belaunalditan hemengo
hizkera galdu egingo da"

Xabier Lasa filologo urretxuarrak gure bi herrietako hizkerari eta garai bateko bizimoduari buruzko azterketa lana egin du Zintzo-Mintzok eta Urretxu eta Zumarragako Udalek ateratako bekaren laguntzaz. Xabierrek bi urte eman ditu bertoko hizkera gorde duen jendearekin biltzen. Denbora honetan 30 lagun ingururekin garai bateko bizimoduari buruz izandako solasaldiak grabatu ditu. San Juanak aldera, bertako hizkerari eta garai bateko bizimoduari buruzko elkarrizketak, bideo-grabazioak eta argazkiak jasotzen dituzten liburua eta CD Rom-a kaleratuko dira.

Otamotz: Zeintzuk dira zure lanaren helburuak?

Xabier Lasa: Bekaren izenburua "Urretxu-Zumarragako hizkera eta ondarea" zen. Beste herri batzuetan egin diren lanak begiratu genituen eta azterketa dialektologikoa egiteko garai bateko bizimodua erakusten zuten kontakizunak biltzea erabaki genuen. Hala, bi lan egin ditugu. Izan ere, bertako hizkera mantentzen duten gehienak 60 urtetik gorakoak dira eta garai bateko bizimodua ezagutzen dute.

O: Zer baldintza bete behar zituzten elkarrizketatuek?

XL: Bertan bizi izandakoak izan behar zuten eta beraien gurasoak ere bertakoak baziren hobe. Bi herrietan jende hau topa-tzen lagundu didaten lagunak izan ditut. Bi herri hauek azkar erdaldundu zirenez, baserrian bizi edo hazi diren askorekin izan naiz. Lana irakurri eta entzungo duten bi herri hauetako gazte askok bertako hizkera entzuna dutela ikusiko dute. Bestalde, Ikastolatik pasa garenon artean bertako hizkera galdu egin dela ere ikusten da. Gazteok Legazpi aldeko edo Goierri aldeko tendentzia handiagoa dugu.

Xabier Lasa

—Xabier Lasa—

 

O: Zure elkarrizketatuek ere eraginen bat izango dute...

XL: Zenbait grabaziotan pertsona batzuk gau eskoletan aritu direla nabaritzen da. Etxekoaz aparte zer edo zer ikasiz edo jasoz gero berehala ikusten da. Fenomeno berezi bat agertzen denean kontuz ibili behar da, errepikatzen den ikusi eta arrazoia bilatu. ETBk ere eragina badu. Bestalde, ziur naiz nire aurrean ez dutela etxekoen aurrean bezala hitz egin.

O: Nola aurkezten zenuen zure burua informatzaileen aurrean?

XL: Ez nien euren euskara aztertu behar nuenik esaten, garai bateko bizitzaren berri izan nahi nuela baizik. Izan ere, askotan guri edo ETBkoei entzuten digute eta beraiek ez dutela ondo hitz egiten uste dute. Adineko jendearen artean konpleju handia dago eta inguru honetan gehiago oraindik.

O: Zer nola hartzen zintuzten beraiek?

XL: Lan hori zertarako nahi nuen galdetzen zidaten. Gehienak oso gustura hasten ziren euren istorioak kontatzen eta apenas egin behar nizkien galderak. Beste batzuei tira egin behar zitzaien eta tontoa banintz bezala begiratzen ninduten. Izan ere, eurentzat oso naturalak diren gauzak guk ez ditugu ezagutzen. Bestalde, batzuek beraien bizitzaren berri izan nahia eskertuko zutela iruditzen zait.

O: Bisitaldi ugari egingo zenituen...

XL: Batzuengana behin bakarrik joan naiz, baina beste batzuengana gehiagotan joan naiz. Hizkera aberatsa dutenengana hiruzpalau aldiz joan naiz. Konplize bihurtu nahi dituzu eta dakitena atera nahi diezu. Bestalde, zenbaitzuei galdeketak egin dizkiet elkarrizketetan agertu ez diren aditzak ateratzen saiatzeko. Hauei jada elkarrizketen helburuetako bat bertako hizkera jasotzea zela esan eta galdeketa oso astuna egin nien. Bi pertsonei 2.000 galdera egin nizkien, baina gero galdeketa murriztu nuen; bestela baten batek eskopeta aterako baitzidan! Dena den, aditz forma asko jaso ditut. Lan honekin ate bat irekitzen da. Hemendik aurrera inork hemengo hikako formari buruz lan bat egin nahi badu, adibidez, hasteko puntua du.

O: Bilketa lana bukatutzat ematen al duzu?

XL: Liburuan eta CD-Rom-ean aterako den guztia bilduta dago, baina lana ez dut itxita uzten. Inor nirekin hitz egitera animatuko balitz, ni prest nago. Aurrera begira ere, badakit deskonektatzea kostatuko zaidala. Norbait kalean hizketan hasten zaidanean, Eroskin ordaintzen ari naizela... jendeak nola hitz egiten duen entzuten gelditzen naiz.

O: Zein gaiez hitz egin duzu informatzaileekin?

XL: Gehienbat garai bateko bizimoduari eta ohiturei buruz hitz egin dugu. Hemen ospatzen ziren jaiei, ganaduari, denbora neurtzeko sistemei, ilargi kontuei, trenei, sendabelarrei, eguneroko gauzei, sorginei... buruz asko hitz egin dugu. Gai asko daude eta asko ikasi dut. Orain aurkezpen formatuarekin asmatu beharra dugu, hor dago sekretua. Herriari begira azterketa dialektologikoa oso hotza da (fonetika, deklinabidea...), baina istorioen aurkezpenean asmatzen badugu gustura geldituko gara.
O: Pentsatu al duzue lana nola aurkeztu behar duzuen?


XL: Hortan ari gara. Hitz egin dugunaren arabera, liburuak zonalde hau orainarte Gipuzkoako zein azpieuskalkitan sartu duten azaltzen duen sarreratxoa, dialektologian lan handia egin zuen Kandido Izagirre Ipeñarrietako semeari buruzko atala, metodologiaren aipamena, azterketa dialektologikoa (izenaren morfologia, aditzaren morfologia, sintaxia eta lexikoa) eta testu batzuk izango ditu. Liburuarekin batera, CD Rom-a ere kaleratu behar dugu. Honek, kalitate onena duten elkarrizketen grabazioa, liburua aditz taula guztiekin, gazta egiten eta antzerakoetan grabatu ditudan elkarrizketatuen bideoak eta elkarrizketatuen argazkiak eta argazki zaharrak izango ditu.

Xabier Lasa

—Otamotz azala—

 

O: Zer azpimarratuko zenuke Urretxu-Zumarragako hizkeraz?

XL: Askotan hizkerak muga geografikoekin lotzen dira eta logikoa da: Deskargako portuak hemengoa eta Antzuolakoa banatzen ditu, Eitzakoak Santa Lutzikoa eta hemengoa... baina Legazpi eta Urretxuren artean ez dago porturik eta aldaketa dago. Gipuzkera iparraldeko eta hegoaldeko taldetan banatu izan da eta bi horien arteko muga, zenbait puntutan, hementxe dago, nahiz eta muga geografikorik ez egon. Urretxu-Zumarragako hizkera eta inguruko herrietakoak ezberdinak dira, baina ingurukoek pertsonalitate handiagoa dute. Beste toki batzuetako herri aldizkarietan, esaterako, bertako euskalkiak presentzia du eta hemen ez da halakorik gertatzen. Konplejuek indar handia izan dutela iruditzen zait.

O: Deigarria iruditu zaizun ñabarduraren bat aurkitu al duzu?

XL: Ama Brinkolakoa dudanez, beragandik jaso dudan azentuaren eta orain aztertzen aritu naizenaren artean alde handiak daude. Hemengo azentuazioa Beasaingotik askoz ere gertuagoa dago Legazpikotik baino. Bokalen arteko jokaeran, berriz, Goierrirekiko haustura dago. Hikako ahoskeran Santa Barbaratik Eitzara aldeak daude. Espero ez genituen kuriosidade eta detaileak ere azaldu dira: -uba bukaera, esaterako (eskua esan beharrean, eskuba). Villabona aldean erabiltzen zela banekien, baina ez nuen espero hemen halakorik entzutea.

O: Zein da lan honen ekarpen dialektologiko nagusia?

XL: Deskubrimendurik ez dago, baina zonalde honetan ez da orainarte halako lanik egin eta hor dago lan honen garrantzia. Bi herri hauen hizkeraren erretratua da. Bilketa lan hau beste azterketa batzuen hasiera puntua izan daiteke. Bi edo hiru belaunalditan hemengo hizkera galdu egingo da, euskaldun belaunaldi berriek ez baitute jaso.

O: Bestalde, zuk egindako lanak garai bateko bizimodua eta istorioak ezagutarazteko ere balioko du...

XL: Argia edo ura etxean ez izatetik gaur eguneko edozein etxetan dauden erosotasunetara bizitzera pasa den jendearekin hitz egin dut. Herrian lau denda eta lau kotxe zeuden garaiak soilik ezagutu dituzte... Aldaketa ikaragarriak izan dira bizimoduan eta erosotu egin direla esan didate. Batzuk goizeko bostetan, nahiz eta elurra egin, bizikletan Patrizioraino joaten ziren. Guri halako gauzak pentsatzea ere kosta egiten zaigu. Hemengo neguak garai batean nolakoak ziren ikusirik, gutako bat baino gehiago ospitalean egongo litzateke halakorik eginez gero. Erosotu eta bigundu egin gara. Oso gustura egon naiz istorioak entzuten eta asko ikasi dut.

O: Bereziki azpimarragarria iruditu zaizun istorioren bat?


XL: Asko... estraperloaren pasadizoak adibidez. Errotak itxi egin ziren eta bi edo hiru errota klandestino zeuden. Gauez astoa hartu, garia errota haietara eramaten zuten, gaua bertan pasatzen zuten lanean eta gero bueltatu egin behar zuten goardia zibilek ikusi gabe. Sorginen istorioak, ilargiaren eraginarenak... naturarekin egun baino askoz ere harreman handiagoa zuten. Armiarmak agertzen baziren, oiloek ez dakit zer jarrera bazuten... bazekiten zer eguraldi zetorren. Gauza hauek guztiak biltzen ez badira galdu egingo dira. Herritarrek zer aldaketa egon diren ikustea gustatuko litzaidake, zein abiaduratan bizi garen kontura gaitezen. Izan ere, honek guztiak autokritika bideratzen du. Egunero-egunero gure lana dugu, asteak, hilabeteak pasatzen dira eta kanal batean goazela dirudi. Garai batean askoz ere gehiago hitz egiten zen, senitartekoen arteko transmisioa askoz ere aberatsagoa zen... Telebistak, esaterako, komunikazioa moztu egiten du eta aurreko belaunaldiek erakutsi dezaketen guztia ez da jasotzen.

Otamotz Herri-Aldizkaria,
2004ko urtarrila (93. alea)

 

(*) Xabier Lasa Agirrezabal, 1972an Urretxun jaioa.
Euskal Filologian lizentziatu zen, eta egun irakaskuntzan ari da lanean.

Gora
 
 



Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea

Labeaga 12, behea.
20700 Urretxu (Gipuzkoa - Euskal Herria)
.
Telefonoa: (+34) 943036474